XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haurride bertsolariak, zueri begira dago Eskualdun jendea!

Eskualdun haurride maiteak, Eskuararen egun haundi huntan, apez eskualtzale ezagutu batek behar zautzueten mintzatu: Charritton Eskualdun Gazteriaren omonierak.

Ez jin ahal izanez, huna nun galdatu dautan eginbide haundi horren betatzea.

Ez gira ez gaizki usatuak, San Frantses Assisa'koaren semeak! Norat nahi joaiteko prest, ez izana gatik ere jakintsun haundi!....

Zer nahi lanetako on, ez izana gatik ere jende abil eta trebe hetarik!....

Nun ere behar beita Jainkoa goretsi eta kantatu... Nun ere behar beita giza-semeen bihotzetan amodio xorta bat ixuri... harat goatzi bihotza alegera eta bertsoa ezpainetan....

Eskuararen egun haundi huntan, heldu nitzaizue bihotza alegera, Jainkoaz beterik....

Heldu nitzaizue bertsoa ezpainetan eta amodioz kantari....

Agur dautzuet erraiten Urruñako eskualdun haurride maiteak....

Ongi etorri dautzuet erraiten, Eskual-Herri guzitik jin zirezten bertsolari haurride maiteak....

Eta deneri diozuet erraiten: egun haundi huntan elgarrekin dezagun kanta alegeraki gure Eskual-Herria, gure egoitza eta bizi-lekua!.

Elgarrekin goraki dezagun gorets gure eskuara, gure gogoaren hatsa eta gure bihotzaren mintzoa!.

Hamabost urtez ene Eskual-Herritik kanpo haunditu eta bizi izana gatik, etzaitut ahantzi.

Eskual-Herria, Eskualdunen Lurra, ene sor-herria, zu zaitut maitatu Frantzia'n gaindi nindoalarik herri batetik beste batetarat ene ikasteen egiteko....

Eskuara, ene Amak haurrean erakutsi eskuara, ene mintzaira, zu zaitut beti hobeki eta osoki maitatu....

Bertsolari haurrideak, ene haurrideak, zuek dautazue salatu Eskual-Herriaren edertasuna; zuek dautazue hel-arazi eskual mintzoaren dei eztia, dei samurra!.